XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Paleolitoa ez zen amaitu bat-batean, eboluzioz baizik.

Garai hartan aldaketa batzuk gertatuz joan ziren piskanaka-piskanaka eta paleolitoko gizarteak eboluzionatu egin zuen, aldi berri bati bidea emanez.

Hala, ehiztari eta biltzaile zen gizakia ekoizle bihurtu zen; hau da, bere janaria produzitzen ikasi zuen.

Alabaina, ehiztari eta biltzaile izatetik ekoizle izatera heldu zen arte, tarteko bi maila edo kultura igaro ziren, trantsizioko bi aldi: Epipaleolitoa eta Mesolitoa.

Epipaleolitoan gizakiak bere sistema tradizionalekin segitu zuen; hots, ehizean eta fruituak biltzen.

Beraz, aldi hau Goi-Paleolitoko jarraipena edo hondarra izan zen.

Epipaleolitoko gizakiak, ordea, Neolitoaren aurrerapenen berri izan zuen nola edo hala, kolonizazio baten bidez edo beste modu batez.

Eta bizimodu ibilkaria utzita, leku batean finkatu eta nekazaritzan edo ganaderitzan ikasi zuen.

Mesolitoko gizarteak, berriz, berez eboluzionatu zuen eta, hala, orduko gizakiek beren kabuz ikasi zuten animaliak hezitzen eta lurra lantzen.

Hori dela eta, berebiziko aldaketa izan zuten gizarte hauek.

Neolitizazioaren sorguneak Ekialdean daude, han jaio bait zen kultura neolitikoa; hau da, nekazaritza eta ganaderitza.

Nekazaritza Ekialde Hurbilean, Ilgora emankorra esaten zaion lurraldean sortu zen eta ganaderitza Asiako mendebalean eta Indian.